16/12/2024
Askotan partekatu dugu zuekin Sustraiak zer den: non landatu genuen lehen hazia, nola hazi ziren sustrai sendoak, zeintzuk diren eutsi gaituzten adarrak, eta elkarrekin bildu ditugun fruitu anitzen edertasuna.
Gaur, korapilo batekin eztarrian, esku dardartiekin eta emozioz, bizipenez, jakinduriaz eta elikagai onekin beteriko sabelarekin, zuekin erabaki zaila baina ondo hausnartua partekatzera gatoz: gure kooperatiba ixtea edo eskualdatzea erabaki dugu. Maitasun, zaintza eta ahalegin handiz eskaini diogun proiektu honen zikloaren amaierara iritsi da.
Erabaki hau hartzera eraman gaituzten arrazoiak askotarikoak dira, eta guztiak lasai aztertu eta adostu ditugu. Egun intentsuak dira, pozez eta nostalgiaz beteak, lan handiz, amaierak eta hasiera berriak lotzen dituzten agurrez, baina batez ere, esker onez beterikoak.
Atzera begiratuz, harro sentitzen gara, elikadura burujabetzaren eremuan utzi dugun arrasto txiki baina esanguratsuagatik. Sareak ehundu ditugu, loturak sendotu eta bidezkoagoak eta jasangarriagoak diren ereduetan sinetsi dugu, egunero lurrarekiko errespetuz eta duintasunez mundu hobe bat lantzeko borrokatzen duten tokiko ekoizleekin elkarlanean. Poza ematen digu etorkizun bidezkoago bat eraikitzeko ahaleginean daudenen lana ikusarazi dugulako.
Eskerrik asko bide honetan edozein modutan parte hartu duzuen guztioi. Eskerrik asko hasieratik gugan konfiantza izan eta gure ondoan egon zaretenoi, gure erabakiak babestuz eta oztopo bakoitza gainditzen lagunduz.
Sustraiakek erakutsi eta oparitu digun guztiagatik eskerrak emateko unea da, geure buruei aitortzea proiektu honetak jarritako ahalegina, ilusioa eta bihotza.
Maitasunez eta harrotasunez uzten dugu amantala, esperientzia eta ikaskuntzez betetako saski bat daramagularik. Gurekin egon direnak, egongo dira, egon direlako baikara.
Gora Sustraiak.
Sustraietatik sukaldatzen